Espazioak: Barnealdea & Kanpoaldea
Bezeroa: pribatua
Erdi Arotik Lesakan kokatutako Zabaleta dorretxea, gaur egun landa-ostatu bilakatu da. Harrizko egiturak, geometria konplexuak eta lotura bertikalek espazio-esperientzia berezia sortzen dute, eta argiztapenak bizipen hori areagotzen du.
Argi eta itzalen arteko jokoaz baliatzen gara espazio desberdinak antolatzeko eta eraikinaren bolumetria agerian uzteko. Argiztapen funtzionala eta giroa-argiztapena eskutik doaz, erabilgarritasuna eta espazio-irakurketa argia bermatuz. Kota baxuetan kokatutako argi-habe fokalizatuek eguneroko jarduerak errazten dituzte, eta, aldi berean, espazioen arteko bereizketa bisuala bermatzen dute. Horrez gain, argi lauso eta zeharkakoak espazioaren bolumetria azaltzen du sakontasun eta jarraitutasun sentsazioa areagotuz.
Eskailera, solairuen arteko lotura nagusia den heinean, arreta bereziaz tratatzen da. Egituraren barruan integratutako argiztapenak gainazal bertikalak azpimarratzen ditu, harrizko ehundurak nabarmentuz eta espazialtasun-pertzepzioa handituz. Barrualdean 2700 K-ko tonu beroak erabiltzen dira, eta 3000 K-koak eskaileraren hutsunean, eremu desberdinen hierarkia bisuala indartzeko eta materialaren izaera azpimarratzeko.
Argiztapen dekoratiboak espazioaren geometria, nitxoak eta hutsuneak nabarmentzen ditu, egunezko argi naturalaren pertzepzioarekin bat eginez. Kanpoaldean, lorategiko argiztapenak giro lasaia eta atsegina sortzen du, multzoaren izaera organikoa indartuz. Balizaje sotilak oinezkoen ibilbideak markatzen ditu eta landaredia agerian uzten du; zuhaitzen adaburuak, behe-kotetatik argiztatuta, konposizio bertikal atsegina sortzen dute. Bateriaz elikatzen diren lanparek, berriz, espazioari malgutasuna ematen diote eta ostatuaren erabilera eta une desberdinetara egokitzen dira.