Kokapena: Logroño
Bezeroa: Marqués de Murrieta S.A.
Proiektua: Argiztapena LED teknologiara egokitzea
Ygay gazteluko museoan, argiak upategiaren historian barrena laguntzen dio bisitariari. Argazki zaharrak, dokumentuak eta etiketak nabarmentzen ditu, baita barrikak, upel handiak eta garai bateko upategiko makineria ere. Proiektuak argiztapen-behar desberdinak dituzten espazioak hartzen ditu, erakusketa-aretoetatik eta botilategietatik dastatze-gelara, jangeletara, erabilera anitzeko aretora eta dendara.
Duela hamabost urte diseinatutako instalazioaren elektrizitate-kontsumoa murriztea izan da erronka. Instalazioaren zati batzuk berritzea erabaki dugu, lehendik zeuden kableak, errail trifasikoak eta argiaren intentsitatea erregulatzeko sistema baliatuz. Horrela, elektrizitate-kontsumoa nabarmen murriztu, inbertsioa mugatu eta instalazioaren zati handi baten bizitza erabilgarria luzatu ahal izan dugu.
Museoan bertan hainbat proiektore-modelo eta akabera probatu ditugu, espazioan hobekien txertatzen den aukera aurkitu arte. Proiektore txikiago eta diskretuago bat aukeratu dugu, itsualdia hobeto kontrolatzen duena. Retrofit LED lanparek eta lente trukagarriek areto bakoitzeko argiztapena doitzeko aukera eman digute. Argi-sortaren irekiera egokitu dugu, eta sortatik kanpo barreiatzen den argia murriztu, piezak nabarmentzen dituen argiaren eta giro-argiaren arteko oreka zainduz. Hautatutako lanparek koloreak erreproduzitzeko indize (CRI) altua eta R9 balio altua dituzte, zuraren tonu beroak eta ardoaren gorri sakonak leial erreproduzitzeko.